Web orrian nola nabigatu?

Atal honetan laguntza aurkitu daiteke.

Erabiltzaileen gunea

Bertan, ikastaroak sartu, datuak aldatu,...egin daitezke:



Albistegia

Boligrafo gorriei erronka jotzeko unea

Astelehena, 2015ko Ekainaren 01a

Selektibitatearen inguruko erreportaia:

Boligrafo gorriei erronka jotzeko unea

Hemezortzi urteen muga data desiratua izaten da ia beti, heldu izatearen askatasun perfektu horrekin ametsetan. Adinez nagusi izatearekin batera, ordea, bizitzaren ziklo bat amaitzen da, berri bati ekiteko; selektibitatea batetik besterako zubi ala koska ote da?

Etorkizuneko giltza da batzuentzat. Bizitzak berarekin dakarren pauso berria. Datozen urteetan aukerak murriztuko dizkien boligrafo gorria, ordea, beste askorentzat. Ekainaren 10a, 11 eta 12a hartuko ditu, aurten, selektibitateak, eta milaka neska-mutilen egutegian aspaldidanik biribildutako egunak izango dira.

Espainian 1974an onarturiko Selektibitate Legeak ekarri zuen unibertsitaterako sarbide proba. Izan ere, ordura arte unibertsitateek bazuten eskumena zehazteko, ikasleak hartzeko irizpideak. Fakultateetako ikasle kopuruak mugatu ahal izateko, horrela, unibertsitate bakoitzak bere proba ezartzen zien etorkizuneko ikasleei.

Selektibitate Legeak, ordea, Espainiako unibertsitate guztietara zabaldu zuen proba bera, aukera berdintasuna defendatuz. Ikasle mugimenduaren protesten gainetik, 1975ean egin zuten, estreinakoz, gerora izen potolo bilakatu den selektibitatea.

Historiari begira jarrita, 40 urteko bizitza du hautaprobak eta, erreformak erreforma eta izenak izen, badirudi ikastetxetik irten eta liburutegi eta, ikasgela handien mundura iristeko, ezinbestean gainditu beharreko langa dela. Baina, azterketara aurkeztuko diren ikasleak bezainbeste iritzi daude, selektibitatearen inguruan ere.

 

Pello Aiestaran (Tolosa, 1957) doktorea da Industria Ingeniaritzan eta, bide horretatik, irakasle lanetan aritzen da EHUren Donostiako Eskola Politeknikoan. Afizioa eta ofizioa uztarturik, lankide baten proposamenari helduta ekin zion, duela 12 urte, selektibitateko azterketak zuzentzeari, eta fisikako proba euskaraz egiten duten hainbat gazteren lanak pasatzen dira bere begietatik: «Azterketa sekula ez da gustukoa izaten, beti urduri sentitzen baita bat proba baten aurrean. Gainera, egun txarra izanez gero, errendimendua ere eskasagoa izaten da. Gertatzen dena da, ez dudala modu hoberik ikusten kalifikazio bat behar bezala emateko. Ikasle guztiak proba bera egitera eramanez gero, baldintzak orekatu egiten dira zertxobait».

Ander Congil (Tolosa, 1997), Amaia Uranga (Tolosa, 1997) eta Imanol Amundarainen (Atallu, Nafarroa, 1997) ikuspegiak zertxobait aldatzen dira Pello Aiestaranen iritzitik, noski, bi aste barru paperean islatu beharko baitituzte beren ahalegin eta ezagutza onenak, datorren ikasturteari begira. «Pentsatzen jarrita, egun bakarreko azterketa bat gaizki egiteak ondorio garrantzitsuak» ekar ditzakeela uste du Congilek, eta ikaskideak ere bat datoz berarekin: «Finean, hiru egunetan bi urtetako lana baloratzen du selektibitateak».

 

Irakasle zuzentzaileen eta ikasleen artean aritzen da, nolabait, Xabier Tolosa (Tolosa, 1954) orientatzailea. Haren ustez, eguneroko lana ondo neurtzea da kalifikaziorik bidezkoena, eta idatzizkora mugatzeari, mugak ikusten dizkio: «Nik garbi daukat proba gehiago zabalduko nukeela, garai batean egiten zuten bezala, ahozko probarekin idatzizkoa osatuz». Hala ere, gaur egungo sistemaren barruan, selektibitatea ez du hain soberan ikusten: «Lehen gehiago eztabaidatzen zen, baina, gaur egun, unibertsitaterako nahiz lanbide heziketarako sarrera batez besteko notaren araberakoa denez, kalifikazio hori nolabait lortu egin behar da».

Bolognaren belaunaldia

1998an ekin zioten Bologna erreforma prestatzeari, eta 2010ean iritsi zen Euskal Herriko unibertsitateetara, ez, aurrez, istilu, protesta eta aurkakotasunik sortu gabe. Europako ikasle guztien espedienteak parekatuko zituen erreformatzat zuten ezarri nahi zutenek, eta diplomatura naiz lizentziaturak gradu izatera pasatu ziren. Bolognaren aurkakoentzat, berriz, beste hainbat gauzaren artean, irakaskuntza merkaturatzeko pausoa izan zen sistema berria ezarri izana, eta bereziki arbuiatu zuten ikasleen interesak aintzat hartu gabe aritzea.

Kontuak kontu, agintariek Bologna ezartzeak selektibitateari ere zuzenean eragin zion, eta proba eredu berri bat jarri zuten martxan, 2009ko ekainean. Pello Aiestaranek ederki ezagutzen du funtzionamendua: «Ikasleek batxilergoa egiten dute, bi ikasturtetan, eta hortik batez besteko nota bat ateratzen da; 14 puntutik 6 ematen ditu batxilergoak, gehienez ere».

Selektibitateari dagokionez, berriz, bi zati ditu gaur egun. Batetik, fase orokorra egin behar izaten dute ikasleek, gaztelera, euskara, historia edo filosofia eta atzerriko hizkuntzarekin; gehienez ere 4 puntu eskura ditzakete fase horretan. Azkenik, fase espezifikoa da berrikuntza nagusia eta, bertan, unibertsitatean ikasi nahi duten graduaren araberako bi irakasgai aukeratzen dituzte ikasleek, nota igo ahal izateko. Hemen ere 4 puntu eskura ditzakete, gehienez, eta ezinbestekoa da bi azterketa horiek gainditzea, punturen bat eskuratzeko. Guztira, beraz, 14 puntu lortzeko aukera dute, gaur egun, ikasleek.

Azken lauzpabost urteotako ikasleak Bolognaren belaunaldiko lehen fruituak dira, baina badirudi bolognatar guztiek ez dutela hautaproba bera izango. LOMCE legea hautsak harrotzen ari da hilabetetan, eta unibertsitateari begira ere zeresan handia du. Aiestaranek eta Tolosak hautaprobari ezarri nahi dizkioten aldaketa batzuen berri badutela diote, zeharka, eta dakiten apurra ez zaie batere gustatzen.

Azterketa kudeatzeko eskumena Euskal Herriko Unibertsitatearena da, gaur egun, eta hortik etor liteke aldaketetako bat, adituen arabera: «Legek orok izaten du bere trikimailua, eta hortxe gabiltza, beste bideren bat hartu ote daitekeen ikusten. Izan ere, gure sistema nahiko ona da, Espainiakoa baino hobea. Eta handik hona etortzea, guk gauzak nola egin behar ditugun esatera…. Bada ez, argi eta garbi», dio Pello Aiestaranek.

Bide beretik, ikastetxeetako programazioa eta hautaproba berria uztartzeko zailtasunak ikusten ditu Xabier Tolosak: «Gure programazioetan gaitasun berriak txertatu nahian gabiltza, baina neurketa sistema betikoa izango da. Lehen zirriborroan, behinik behin, sarbide proba test moduan egiteko asmoa azaldu dute, beraz, benetan zaila izango da egiten ari garen esfortzua sistema horrekin uztartzea. Oso atzeranzko erreforma da».

Ikasleak ere ondo informatuta daude haien ondorengoei datorkien erreformaren inguruan, eta «oso erabaki tristea» iruditzen zaie LOMCE legarena: «DBHko 3. mailan daudenek, adibidez, hurrengo ikasturterako aukeratu egin beharko dute, jada, zientzien adarretik edo letren adarretik joan nahi duten; eta hori, fisika eta kimika bezalako irakasgaiak sekula landu gabe!», dio Amaia Urangak.

Horrelako erabakiak hartzeko adina ere baxuegia iruditzen zaio Imanol Amundaraini: «Adin horretan ez duzu ezer erabakitzen, nire ustez, kanpoko eraginak izaten dira horrelakoak erabakitzeko. Gu, 18 urterekin, orain ari gara gure kriterioa eta iritzia pixka bat garatzen, beraz, adin horretan oraindik…».

Ander Congili, berriz, «sekulakoa» iruditzen zaio Lehen Hezkuntza amaieran azterketa bat egin behar izatea: «LHko 6. maila amaitzerakoan lanbide heziketara edo unibertsitatera bideratuko dituzte ikasleak, eta hori DBH egin aurretik erabakitzea, izugarria iruditzen zait». Dirudienez, Euskal Herrian datorren urtean jarriko dute martxan, neska-mutilei 12 urterekin egin beharreko proba; ondorio akademiko erabakigarririk izango ez duen arren, rankingak egingo dituzte ikasleek lortutako emaitzekin eta azterketa, gainera, Madrilgo Gobernuak ezarriko du.

Mamua ezabatzeko, datuak

Hil ala biziko proba izaten da, askorentzat, selektibitatea. Gradu preziatuenetan leku bat izan nahi dutenek presiopean lan egiten dute egunotan, eta horrek urtetik urtera handiago egiten du selektibitatearen elur bola.

Urduritasunak urduritasun, ordea, datuak dira lasaitzeko sendagairik onena, izan ere, unibertsitateko sarbiderako hautaproba egiten duten gehienek gainditzen dute beldurraren hesia.

«Sekulako aldea izaten da bi deialdien artean, eta garbi ikusten da ikasle onenak ekainean aurkezten direla», dio Pello Aiestaranek. Bere irakasgaiari begira jarriz eta, «batez besteko bat ateratzen hasita, erdiek gainditzen dutela esango nuke, baina, selektibitatea oro har hartuz, %95eko zifra esango nuke, bat-batean».

Zuzentzaileek ere lan eskerga izaten dute ekaina hasierako azterketaren bueltan, baina, Aiestaranek ez du presiorik sentitzen: «Hori zirujaua ebakuntza-gelara sartu eta urduri jartzea bezalakoa litzateke. Ohituta nago, nire lanaren zati da, eta selektibitatea zuzentzea unibertsitateko edozein azterketa zuzentzea bezalakoa da niretzat». Hori bai, irakasleak onartzen du bere irakasgaia kalifikatzeko irizpideak jarraitzea errazagoa dela, beste zenbait arlotakoak baino.

Liburutegi eta apunte arteko orduekin batera, zuzentzaileen inguruko mitoek ere espazio garrantzitsua hartzen dute selektibitatearen mamua irudikatzerakoan. Ikasle garaietan, ohikoa izaten da uste izatea, irakasleek azterketa guztiak ez dituztela zuzentzen; ez, behintzat, behar bezala. «Nire kasuan, behintzat, garbi dago ez dela horrela, eta nire inguruan ere sekula ez dut halako astakeriarik ikusi. Posible dela horrelako zerbait egitea? Noski baietz. Baina irakasle batek, azken finean, kode deontologiko bat dauka. Epaile batek, adibidez, ezin du prebarikatu: ezin du auzi baten inguruan epai bat eman, gaizki ari dela jakinda. Irakasle batek berdin: ezin du gaizki zuzendu, nahita, eta ezin du nota bat jarri, ezer ikusi gabe. Eta gutxiago, kontuan izanda, ikasleek unibertsitate batera edo bestera joatea jokatzen ari direla».

Bide horretan, Tolosak antsietatea du hizpide: «Jaitsi egin behar da azterketaren aurreko antsietate hori eta, horretarako, datuak ditugu. Jende gehienak gainditzen du, %100ak ez bada. Beren bizitza osoa ez dute hor kontzentratu behar».

Bizitza, aukeren emaria

Unibertsitateetako campusetara hautaproba egitera joaten diren gazte askoren kezka ez da, ordea, gainditzea izaten: ahalik eta nota altuena ateratzeko prestatzen dute azterketa, hurrengo ikasturtean nahi duten tokian egon ahal izateko.

«Gradu bakar batean ere ez dute pertsonaren izaera begiratzen, notari bakarrik erreparatzen diote», dio Amaia Urangak. Neurri batean, ikasleek ez dute bidezkotzat jotzen kalifikazioa irizpide bakarra izatea, eta bokazioari ere garrantzia eman beharko litzaiokeela uste dute. Imanol Amundarainek ez du, ordea, iritzia erabat babesten: «Ni gradu bat egitera joan eta norbaitek nire profila desegokia dela esango balit, ez litzaidake batere ondo irudituko. Inor ez da nor, beste bati esateko zer ikasteko moduko profila duen».

Denborak bakoitza bere tokian jartzen du esapidearen bidetik, unibertsitateak ere hala jarriko ditu ikasleak, Ander Congilen arabera: «Zentzugabekeria da gradu batean sartuko zaren edo ez nota batek erabakitzea. Nire ustez, guztiok aukera izan beharko genuke, izan ere, gero graduak berak jarriko gaitu geure lekuan; hor erakutsi behar du, bakoitzak, horretarako gai den edo ez».

 

Belaunaldi berriak, kezka zaharrak

Hezkuntza sistema osatu eta bertan parte hartzen duten zati guztiekin lan egin behar izaten du Xabier Tolosak eta, garaiak garai, argi dago zaharrak direla berri: egungo 17-18 urteko gazteen kezka nagusia lana da.

Amaia Urangak eta Ander Congilek zientzia-biologiaren bidetik osatu dute batxilergoa eta, interesekin batera, irteerei ere begiratu zieten aukera egiterakoan: «Askok diote zientifikoak ate gehiago irekitzen dituela edo, behintzat, unibertsitateari begira aukera gehiago uzten dituela zabalik», dio Congilek. Amundarainek, berriz, teknologikoa aukeratu zuen, baina bere aukera ez du argiegi ikusten.

Izan ere, selektibitateko horma garaia pasatu ondoren, zer egin beren bizitzekin? Galdera hori milaka gazteren buruetan ibiliko da: gustuko dutena ikasi ala ez; gustukoa bai, baina irteerak izango dituena; hautatu dutena ondo joango zaien edo ez,…

Horretan ere, krisiak eragin zuzena izan du azken urteotan; hala nabaritu du, behintzat, Xabier Tolosak: «Alde batetik, industriak izan duen porrota edo beherakada dela eta, asko zabaldu da aukera; lehen, industriarekin loturiko ikasketak oso-oso preziatuak izaten ziren. Ondoren, ordea, irakasle ikasketek gorakada izan zuten eta, ez dakit zergatik, baina jende guztiak hori ikasi nahi zuen». Gaur egun, horrela, ikasketen aukeraketa anitzago bilakatu dela dio Tolosak eta, osasun zientziak, ingeniaritzak eta informatika munduaren inguruko ikasketak dituzte gustukoen ikasleek.

Zail suertatzen zaie, 18 urteko ikasleei, beren burua hamar urte barru irudikatzea. Norbere afizioak gauzatzearen truke soldata bat jasotzea da batzuen ideala, baina, argi dute hori ez dela batere erraza. Beste batzuek, aldiz, «bizitza bizitzeko» dela diote argi, eta 28 urterekin izango duten lanak ez ditu kezkatzen: «Adin horretan, soldata baxua izanda ere, hilabete amaierara iristea nahikoa dela uste dut. Egonkortasuna beranduago bilatuko nuke, 40 urte ingururekin». Eta, lanposturik ezean, ikasten jarraitu beharko dutela diote.

Adinez nagusi izateak ustez eskaintzen duen askatasun horrekin batera, adin txikikoek guraso nahiz ikastetxeen aldetik duten babesa atzean uzteak ere errespetua sortzen dio Amaia Urangari, bere burua iraileran irudikatzean: «Unibertsitatea beti hain urruti ikusi izan dut... Eta orain, hementxe dago, zer egingo dut nik han? Errespetua sortzen dit».

Kontuak kontu, ekainaren 10etik 12ra bitarte, azken bi urteotan egindako lana paper zurian marrazten asmatu beharko dute, mamua uxatuz, hesia hain altua ez dela pentsatuz, beren buruaren alde arraun eginez, Aiestaranek dion moduan: «Garrantzitsuena burua ondo jantzita izatea da, eta zer komeni zaizun jakitea. Hainbat bide daude leku berberera iristeko, eta etorkizuna ez dago jokoan, bizitzan asko izaten baitira aukerak».

 



Kategoriak


Conforme W3C XHTML 1.0 | CSS 2.0 | WAI 'AAA'
Design by Shareweb