Web orrian nola nabigatu?

Atal honetan laguntza aurkitu daiteke.

Erabiltzaileen gunea

Bertan, ikastaroak sartu, datuak aldatu,...egin daitezke:



Albistegia

Uraren Astean hainbat ekintza egingo dira Tolosan herritarren kontzientziazioa areagotzeko

Astelehena, 2021ko Martxoaren 22a

Uraren Astean hainbat ekintza egingo dira Tolosan herritarren kontzientziazioa areagotzeko

  • Lau ekintza antolatu dira uraren garrantzia nabarmentzeko eta herritarren kontzientziazioa areagotzeko helburuarekin.

  • Bi gai nagusi landuko dira: ibaietan agertzen diren plastikoek sortzen duten kaltea eta zigarrokinek ingurumenean duten eragin negatiboa.

 

 

Tolosako Udalak, Ingurumen Zentroarekin elkarlanean, uraren astea antolatu du martxoak 22, Uraren Nazioarteko Egunaren inguruan. Helburua da baliabide natural honen garrantzia nabarmentzea eta herritarren artean ibaia eta itsasoa zaintzearen kontzientziazioa areagotzea, herritarrak kontura daitezen kalean dauden estoldetan zaborra botatzen bada, zabor guzti hori ibaiara eta itsasora joango dela.

Egungo garapen ereduak eta munduko biztanleriaren hazkundeak gero eta ur gehiago behar izatera eraman gaituzte. Gainera, Klima Aldaketak uraren eskuragarritasuna gero eta irregularragoa izatea eragin du eta uraren kutsadura handitzea. Uraren balioa azpimarratu nahi da aurtengo ekintzekin.

Hainbat ekintza antolatu dira Tolosan aurtengo Uraren Nazioarteko Egunaren leloa, “Balora dezagun ura!”, oinarri hartuta. Bi gai nagusitan jarriko da fokua, uraren kalitatean eta bertako ekosistemetan sortzen duten kalteagatik. Batetik, gure ibai ertzetan agertzen diren plastikoen gaia landu nahi da, hauek ingurumenean eragiten dituzten kalteei erreparatuz. Bestetik, zigarrokinak lurrera botatzeak sortzen dituen kalteak ikusaraztea da helburua, estolderietatik ibaietara, itsasora eta lakuetara iristen direlako eta deskonposatzeko 25 urte behar izateaz gain, zigarro baten alkitranak eta nikotinak 50 litro ur kutsa ditzakeelako.

Herritarren inplikazioa sustatzeko ekintzak

Alde batetik, erreka garbiketa egingo da martxoaren 23 eta 24an Tolosako DBHko ikastaldeekin. SAM zubian, Euskaldunberri zubiaren inguruan, Santa Maria Elizaren atzealdean eta ikastolaren inguruetan egingo da garbiketa. Udalak aurten ez du herritarrentzat deialdi orokorrik egin erreka garbiketan parte hartzeko, osasun krisia dela-eta taldean aritzea ekidin nahi delako.

Zigarrokinen aurkako ekimena ere egingo da DBHko ikasle taldeekin. Herrian zehar lurrean topatutako zigarrokinak markatuko dituzte.

Bestalde, “Itsasoa hemen hasten da” lelodun 5 plaka ipini dira Tolosako bost estoldetan: Korreo kalearen amaieran, Euskal Herri plazaren sarreran, Lopez Mendizabal plazan, Larramendiko haur parkeko iturrian eta Zerkausiaren ondoan dagoen iturrian.

Zakarrontziak ere berrituko dira ibaira zein itsasora iristen diren hondakinak murrizteko. Ibaian bukatzen duten hondakin kopuru ugariena plastikoak dira, hein handi batean zakarrontziak ibaitik gertu daudelako edo haizeak eramaten dituelako. Horregatik, ibai ondoan dauden zakarrontziak gutxinaka lekualdatzea da helburua.



Kategoriak


Conforme W3C XHTML 1.0 | CSS 2.0 | WAI 'AAA'
Design by Shareweb