Web orrian nola nabigatu?

Atal honetan laguntza aurkitu daiteke.

Erabiltzaileen gunea

Bertan, ikastaroak sartu, datuak aldatu,...egin daitezke:



Ikastaroa

Kolektibo gutxituei ahotsa ematea lortu nahi da tailer hauekin

Komunikazioaren hirugarren sektorea deitzen zaion komunikazio komunitarioa lantzen du Maria Aizpuru errealizatzaile eta irakasleak; larunbatean hasiko den Bideo parte hartzaile tailerrean jorratuko du.

Jatorri ezberdineko emakumeei zuzendutako Bideo parte hartzaile tailerra hasiko da larunbatean, martxoaren 9an, eta martxoko eta apirileko larunbatetan emango da, Tolosako Jabetze Eskolak Tolosaldea Garatzeneko Migrazio sailarekin elkarlanean antolatuta. Maria Aizpuru irakasle eta ekintzaileak dinamizatuko ditu saioak.

Zer da tailerrean irakatsiko duzuna?

Bideo parte hartzailearen metodologia. Talde bat elkartzen da eta Hego Amerikatik datorren zapalduen antzerkiarekin lotutako ariketen bitartez gai baten inguruan hitz egiten da. Gidoia taldean idazten da, gorputzarekin erlazionatutako idazketa da. Prozesu honetan bakoitzak bere arloa, bere zereginak, naturalki topatzen ditu eta grabaketan garatu. Azkenik, edizio kolektibo bat egiten dugu, denon artean irudiak sailkatuz.

Nori zuzendutako tailerra da?

Hainbat jatorritako emakumeei zuzenduta dago. Nahasketa hori interesgarria iruditzen zaigu, ikuspuntu desberdinak eta errealitate berdintsuak elkarbanatzeko.

Zein helbururekin?

Hitz egiten ez diren gauzez hitz egiteko. Espazio seguru bat sortuz, emakumeak libre sentitzen dira ukitzen dieten gauzez hitz egiteko, bere sentimenduez, nahi dutenaz… Komunikabide handietan hitz egiten ez diren arazoak erakustea da asmoa, film labur baten bitartez. Gainera, proiekzioak eta eztabaidak antolatzen ditugu, tailerra bukatu eta gero. Nik taldea bideratzen dut, eta parte hartzaileek, metodologia horizontal honi esker, denen artean hartzen dituzte erabakiak. Jarrera aktiboa dute, eta hori beraien autoestimuan nabaritzen da.

Zer da komunikazio komunitarioa?

Komunikazio komunitarioa hedabide handietatik at dauden komunikabideek lantzen dute, talde batetik sortzen den komunikazioa da. Komunikazioaren hirugarren sektorea ere deitzen zaio. Hedabide publikoak, pribatuak eta hirugarren sektore hori daude, beraz. Hedabidea giza talde zehatz batek sortzen du: auzo batean, adibidez, auzo honi buruz hitz egiteko. Botere politikotik eta botere ekonomikotik aldentzen da, talde, komunitate edo auzo baten ispilu izaten saiatzen da, eta hedabide publiko eta pribatuentzat interesik ez duten gaiak jorratzen dira normalean.

Komunikazioaren bitartez nola eragin daiteke giza eskubideen defentsan?

Gakoa enpatian dago nire ustez. Hedabide pribatu gehienak esku gutxietan kontzentratzen ari dira; bestela, hedabide publikoak ditugu, baina, egokitzen den gobernuaren menpe egoten dira; Internetak, bestalde, hedabide boteretsuen mezuak kontrastatzeko aukera ematen digu. Informazio iturri desberdinak sustatzea, giza eskubideen defentsa izan daiteke. Guatemalako adibide bat jarriko dut: Iristeko zaila den leku batean, Mexikorekin mugan, mega proiektu bat egin asmo zuten. Bertakoak bota behar zituzten horretarako, eta armadarekin eta guzti mehatxatu zituzten. Hara joan eta grabaketak egin genituen egoera ezagutarazteko. Ez zen mega proiektua gelditzea lortu, baina, gutxienez, ez zuten hainbeste inpunitaterekin egin. Bideo parte hartzaile tailer hauekin, kolektibo gutxituei ahotsa ematea ere lortu nahi da. Baina, beraiek dira beren mezua antolatzen dutenak, beraien modura. Hori da desberdintasuna. Ez naiz ni joaten, eta beraiei buruz film labur bat egiten. Modu horretan, nire aurretiko ideiak eta ikuspuntua gera baitaitezke. Hori kanpotar baten ikuspegia da, kolektibo bati buruz hitz egiten. Zeure buruaz hitz egin dezakezunean, eta hori nola egin ulertzen duzunean, horrek boterea ematen dizu. Zuk erabakitzen duzu bidali nahi duzun mezua.

Emakumeei zuzendutako tailerra izateak garrantzia handiagoa ematen al dio? Zergatik?

Ez dio garrantzi handiagoa edo txikiagoa ematen nire ustez. Hezkuntza da garrantzia daukana eta baita gune seguruak irekitzea ere, askatasunez, presiorik gabe eta epaiketarik gabe hitz egin ahal izateko. Emakumeok botere gehiago hartu behar dugu gizarte mailan, baina gizonei zuzendutako genero berdintasun hezkuntza ez badago, zaila izango da.

Zure tesian Guatemalako gazteez hitz egin zenuen? Zer ondorio atera zenituen bertatik?

Biolentziak biolentzia erakartzen duela, ez bakarrik erakarri, baita errepikarazi ere. Gazte askok hainbeste biolentzia jaso zuten beraien bizitzan, euren bizitzako hizkuntza ere bazela. Oso argi geratu zitzaidan ideia hori, tesia eta gero. Tesian, adibidez, Guatemalan gazteria kriminalizatu egiten zela erakusten nuen, eta gehienek ez zuten etorkizunaren eraikitze prozesuan parte hartzen. Bestalde, proiektuen iraunkortasuna bilatu behar zela ere ikusi nuen. Askotan proiektu jakin bat bukatu, eta ez du jarraipenik izaten, hori ez da aurrekontuan eta diru laguntzan sartzen eta. Proiektu jakin baten jarraipena ez da logika politikoan sartzen. Moduak aurkitu behar dira horretarako. Adibidez, formakuntza jaso duten gazteak aholkulari bihurtu daitezke, beste gazteen artean ezagutza hori zabal dezaten. Askotan, giza eskubideei buruzko film laburrak edo bestelako lanak jadanik arazo horiei buruzko kontzientzia daukaten ikusleei iristen zaizkie, eta estrategiak landu behar dira beste profiletara ere iristeko.

Zer da RICCAP?

Komunikazio Komunitario, Alternatibo eta Partehartzaileko Ikerketa Sarea da. Gai horiei buruz lan egin duten unibertsitateko irakaslez eta ikertzailez osatutako sarea da. Helburua, elkarrekin lan egitea da eta horrelako ikerketak eta lan ezberdinak garatzen dira. Komunikazioa horizontalago bihurtzea da helburua, berdinzalegoa izatea.

Zure azken lanak, Hondurasko giza eskubideak defendatzen dituzten emakumeei buruzkoak, sari ugari jaso ditu. Berta Caceresi zuzendutakoa da, baina, nor zen bera?

Berta Caceres, COPINH izeneko Hondurasko herritarren eta indigenen elkarteetako koordinatzailea zen. Hondurasen mega proiektu asko garatzen ari ziren eta talde horrek jende asko mugitzen zuen proiektu horien kontra. Ez gobernuari eta ezta enpresei, ez zitzaien batere komeni eta film laburreko grabaketa bukatu eta hilabete pare bat geroago hil egin zuten bere etxean. Duela bi urte gertatu zen, 2016ko martxoaren 2an. Desa enpresako segurtasun burua eta militar ohia den ingurune kudeatzailea eta beste hainbat lagun atxilotu zituzten erailketa zela eta. Epaimahaiak 2018ko azaroaren 29an atxilotutako 8tik 7 errudun jo zituen. Desa enpresako lehendakaria errugabe jo zuten. Esan behar da Desak Gualcarque ibaian hidroelektrika bat jarri nahi zuela. Berta oso ezaguna zen, 2015ean Goldman Enviromental nazioarteko saria jaso zuen eta aktore oso ezagunek, esaterako, mezuak zabaldu zituzten erailketa salatuz.

Munduan zehar aritu zara GKE desberdinekin lanean. Zein esperientzia izan dituzu?

Denetatik. Guk hemen egiten ditugun gauzak eta daramagun bizimoduak ondorioak ditu. Ezin da bizi maila hau mantendu. Batzuentzat pertsona batzuen bizitzak ez du ezer balio eta jasotzen dituzten kalteak «albo ondorioak» direla esaten dute, zinismo handiarekin. Baina guztiok gara berdinak eta desberdintasunaren aberastasuna ulertu behar da, enpatia garatu. Gizakiok oso mantso eboluzionatzen dugu, ordea.


Baldintzak: Ez daude
Hizkuntza: GAZTELERA
Hartzaileak: Hainbat jatorritako emakumeei zuzenduta dago
Modalitatea: Presentziala zentroan
Ordutegia eta egunak: martxoak 9 eta martxoko eta apirileko larunbat guztietan
Herria: TOLOSA
Iraupena: 7 saio
Ziurtagiri edo titulua: Ez
Hasiera Data: 2019-03-09
Bukaera Data: 2019-04-27
Prezioa: 0
Diruz-laguntzen du(t)en entitatea(k):
Gaia: Gizarte, kultura eta aisialdia
Izenemate bukaera: .

Zentro antolatzailea: Tolosako Udaletxeko Berdintasun Saila
Harremanetako pertsona: Mertxe Fernandez
Informazio gehiago: 943670383
Zentroaren posta-e: berdintasuna@tolosa.eus


Kategoriak


Conforme W3C XHTML 1.0 | CSS 2.0 | WAI 'AAA'
Design by Shareweb