Web orrian nola nabigatu?

Atal honetan laguntza aurkitu daiteke.

Erabiltzaileen gunea

Bertan, ikastaroak sartu, datuak aldatu,...egin daitezke:



Albistegia

Etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzeko online tailerra Energia Argitu programaren baitan

Asteartea, 2021ko Maiatzaren 25a

  • Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du ekimena Tolosako Udalarekin elkarlanean, eta helburu du energia berriztagarriak etxebizitzetan ezarri ahal izateko beharrezkoak diren irizpideak eta ezagupenak modu argi eta ulergarri batean eskaintzea herritarrei.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Tolosako Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzeko aukeren inguruan informatzeko online tailerra antolatu du maiatzak 27an, osteguna, 18:00etan.

“Energia berriztagarriak zure etxean… posible da!” tailerraren helburua herritarrak energia berriztagarriak ezarri ahal izateko beharrezkoak diren irizpideak eta ezagupenak modu argi eta ulergarri batean eskaintzea da. Energia berriztagarrien ezarpenak araudiari lotutako aldaketak jasan ditu berriki eta aldaketa horiek teknologia hauen ezarpena erraztu du, baita banakako etxebizitzetan zein etxebizitza-blokeetan. Izaera praktikoa izango duen saio bati esker, energia berriztagarrien instalazioak aurrera eramateko baldintzak zeintzuk diren argituko du gaian espezializatutako aditu batek eta aldi berean, gure lurraldean martxan dauden instalazioen benetako kasu praktikoen bidez, instalazio horietan sortutako energia nola erabili daitekeen azalduko du. Batez ere autokontsumorako plaka fotovoltaikoei buruz izango da saioa.

Tailerrean sortzen diren galdera edo zalantzak txat bidez luzatu ahal izango dira eta, ahal den neurrian, saioan bertan erantzungo dira. Denborarik emango ez balu, mezu elektroniko bidez erantzungo zaizkie galderak partehartzaileei.

Ekimen hau Energia Argitu programaren baitan kokatzen da, eta bere helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da. Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, prestakuntza-saioak, online tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren web gunea, eta abar. 2021 urteko udaberrian zehar beste hiru online tailer eskaini dira dagoeneko eta ekainaren 9an egingo da seihileko honetako azken tailerra: “Ibilgailu elektrikoak eta mugikortasun jasangarrirako aukerak”.

Tailer honetan parte hartu nahi duten herritarrek, aurretik izena eman behar dute, ezinbestekoa baita aldez aurretik saiorako sarbidea ematea. Izena emateko, argitu@gipuzkoa.eus helbidera idatzi edo 943 11 29 48 edo 605 75 76 87 telefonoetara deitu behar da. Internetera sarrera izatearekin nahikoa da, ez da programarik deskargatu behar saioa jarraitzeko. Saioa gazteleraz izango da. Informazio osagarria dago www.argitu.eus webgunean.



Kategoriak


Conforme W3C XHTML 1.0 | CSS 2.0 | WAI 'AAA'
Design by Shareweb