Web orrian nola nabigatu?

Atal honetan laguntza aurkitu daiteke.

Erabiltzaileen gunea

Bertan, ikastaroak sartu, datuak aldatu,...egin daitezke:



Albistegia

Udalak hirugarren gerrate karlistako, 1873. urteko Belabietako batailari buruzko ikerketa abiatu du Aranzadi Zientzia Elkartearekin

Osteguna, 2022ko Otsailaren 03a

Amasa-Villabonako udaleko Memoria eta Bizikidetza Batzordeak aho batez erabaki du orain 150 urte gure herrian izandako gertakari historiko garrantzitsuenetako honi buruzko ikerketa zientifiko bat martxan jartzea Aranzadi-rekin elkarlanean.

Izan ere, 1873.urteko abenduan izan zen hirugarren gerra karlistako (1872-1876) gudu edo bataila hau ez da oso ezaguna herritarren artean, baina zalantzarik gabe esan daiteke Amasa-Villabonako lurretan izandako gertakizun militar historiko azpimarragarriena dela.

Belabietako bataila, Amasako Belabieta mendiko magaletan izandako tropa Karlista eta Liberalen arteko gudu odoltsua izan zen. Moriones jeneral Liberalak Tolosako setio karlista apurtu nahi izan zuen, Lizarraga jeneral karlistak blokeatua baitzuen Tolosa.

Bataila hartan milaka soldaduk parte hartu zuten eta ehunka hildako eta zauritu izan ziren. Ondo prestatutako bi armaden arteko aurrez aurreko borroka latza izan zen, fusil eta baionetekin elkar erasotzen aritu ziren. Orain arte egindako azterketen eta artxiboetako zenbait dokumenturen arabera, hirugarren gerra karlistaren baitan Gipuzkoan izandako batailarik gogor eta odoltsuenetakoa izan zen. Aipatzen da guztira 600 bat baja izan zirela, dudarik gabe, zifra ikaragarria da. Agiri historiko batzuen arabera, gudu hau Liberalek irabazi zuten, kasu hauetan "irabazlerik" izan zenik esan badaiteke behintzat.

Udalak gertaera historiko hau ilunpetik atera eta Belabietan gertatutakoa modu zientifikoan ikertu nahi du, bataila honetako errealitatera ahalik eta gehien gerturatzeko eta herritarrei ezagutarazteko.

Horretarako Udalak Aranzadi Zientzia Elkartea kontratatu du 2021,2022 eta 2023 urteetan zehar bataila honen inguruko hainbat ikerketa lan egiteko: artxiboetako dokumentazioa jaso, sailkatu eta ikertu, Belabieta mendian bertan egingo den landa-ikerketaren bidez gerrako materiala jaso eta sailkatu, bataila honetarako eraiki ziren lubakiak ikertu, argitalpenak egin, informazio panelak ezarri etab. Aranzadik ikertzaileen lan-talde bat eratuko du lan hauek aurrera eramateko, Karlos Almorza ikerlari amasarraren ardurapean.

Udalak 2022. urtean 8.010,20 euroko inbertsioa egingo du egitasmo honetarako.



Kategoriak


Conforme W3C XHTML 1.0 | CSS 2.0 | WAI 'AAA'
Design by Shareweb