Web orrian nola nabigatu?

Atal honetan laguntza aurkitu daiteke.

Erabiltzaileen gunea

Bertan, ikastaroak sartu, datuak aldatu,...egin daitezke:



Albistegia

Eusko Jaurlaritzak filmazioen jasangarritasuna gehitu du bere laguntza-politiketako irizpideetan

Asteartea, 2022ko Apirilaren 05a

Eusko Jaurlaritza Euskadiko Zinema Jasangarriaren estrategia garatzen ari da 2022-2024 aldirako. Besteak beste, laguntza-politiketan jasangarritasun-irizpideak sartzea aurreikusten du, baita ingurumena gehiago errespetatzen duten ekoizpenak egiteko laguntza eta aholkularitza eskaintzea ere. Horretarako, Basque Green Film izeneko idazkaritza teknikoa jarriko da abian, Zineuskadik koordinatuta, eta sektoreko enpresei zuzendutako zerbitzuak eskainiko ditu. Horrela, Eusko Jaurlaritzak GJHekin (Garapen Jasangarrirako Helburuak) eta Europako eta Euskadiko estrategia berde eta zirkularrekin bat datozen eremuak zabaltzen jarraitzen du.


2021eko maiatzaren 12an, Eusko Jaurlaritzak etorkizun jasangarriagoa lortzeko ibilbide-orri bat aurkeztu zuen, Europako Itun Berdearekin bat eginez. Ibilbide-orri hori Basque Green Deal (BGD) da. Emisioak murrizteko eta energia berriztagarria sortzeko helburuak biltzen ditu, eta industria eta teknologia nabarmentzen ditu aldaketa-palanka nagusi gisa. Horretarako, zientziaren, teknologiaren, ekonomia zirkularraren, industriaren, energia-trantsizioaren eta elikadura-katearen bidezko garapena eta garapen jasangarria parekatu nahi dira.

Ikus-entzunezkoen sektoreak ere bat egin behar du konpromiso horrekin, eta, horregatik, zinema jasangarria bultzatzea erabaki da, euskal ekoizpenek ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izan dezaten.

 

Laguntza-irizpideak

 

2022tik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren laguntzak jaso nahi dituzten ikus-entzunezko produkzioek proiektuaren jasangarritasun-plan bat aurkeztu beharko dute. Zeregin hori errazteko, Basque Green Film-ek aholkularitza pertsonalizatuko zerbitzu bat, erreferentziazko dokumentazioa, prestakuntza-tailerrak, webgune espezifiko bat eta topaketa profesionalak jarriko ditu ekoiztetxeen eskura.

Halaber, 2024tik aurrera Green Film ziurtagiria Euskadiko ikus-entzunezko produkziorako laguntzen programan sartuta egotea aurreikusten da. Zigilu hori CineRegiok hartu zuen ziurtagiri berde komun gisa. Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura eta Hizkuntza Politika Saila Europako zinemako eskualde-erakundeen sare honen kide da.

Jasangarritasun-plana egiteko ikus-entzunezko produkzioetan bereziki aztertu beharko diren elementuen artean, honako hauek azpimarratu behar dira: garraioa, energia, ostatuak, janaria eta edaria, materialen hautaketa, hondakinen kudeaketa, natur ingurunearen erabilera eta tokiko ekonomiari laguntza.



Kategoriak


Conforme W3C XHTML 1.0 | CSS 2.0 | WAI 'AAA'
Design by Shareweb