Iraila iristearekin, Aitzol Udal Euskaltegiak zabaldu du 2025-2026 ikasturteko matrikulazioa. Aurten ere maila guztietako ikastaroak eskainiko ditu udal-euskaltegiak, goizez eta arratsaldez, herritarrek ahalik eta erraztasun handienak izan ditzaten euskaltegira joateko.
Euskara erritmo bizian leloa du aurtengo matrikulazio-kanpainak. Bi mezu helarazi nahi ditu leloak: batetik, euskara ikastea «prozesu bizia eta dinamikoa» dela, eta, bestetik, ikastea soilik ez, erabiltzea dela funtsa, euskarari bizia ematea.
Zein da izena emateko epea? Irailaren 1etik 17ra arte dago matrikula zabalik.
Nork eman dezake izena? 16 urtetik gorako herritarrentzat da euskaltegia. Tolosan erroldatuak bakarrik ez, edozein herritar izan daiteke Aitzol Udal Euskaltegiko ikasle. Zein ikasmailatan kokatu, sarrera-proba bat egiten dute ikasturte hasieran.
Nola eman daiteke izena? Bi aukera daude: batetik, aurrez aurre, Aitzol Udal Euskaltegian, Gorosabel eraikineko hirugarren solairuan (Rondilla kalea, 34), idazkaritzako ordutegian (09:00-13:00 eta 16:00-19:30); bestetik, Internet bidez, Tolosako Udalaren egoitza elektronikoan. Euskaltegiarekin harremanetan jartzeko, bi bide hauek daude: aitzolue@tolosa.eus helbidea eta 943 65 10 06 telefonoa.
Zein da prezioa, eta badago dirulaguntzarik? Ordu-kopuruaren araberakoa da ikastaroen prezioa. Tolosako Udalak ikastaroaren ehuneko bat ordaintzen die Tolosan erroldatutako ikasleei, dirulaguntzen bidez: A1, A2, B1 eta B2 mailetan, % 95; C1ean, % 75; eta C2an, % 50. Ehuneko horiek ikasturte hasieran aplikatzen dira, eta, beraz, ikasle tolosarrek soilik % 5 ordaintzen dute B2 mailara arte (C1koek, % 25; C2koek, % 50). Ikasturtea egoki betez gero, ez dute gehiago ordaindu beharrik; baldintzak bete ezean, falta den zatia kobratzen zaie. Tolosaldeko udal gehienek ere ematen dituzte dirulaguntzak, baita Eusko Jaurlaritzak ere.



