Igone Mariezkurrena bidaiariak Afrikako Lesotho herrialdean egindako zeharkaldi baten bueltan ondutako hitzaldia-proiekzioa eskainiko du azaroaren 18an, asteartea, 18:00etan kultur etxean. Alegiako Mendi Asanbladak antolaturiko emanaldia izango da eta Mariezkurrenak zeharkaldi horren bizipenak kontatuko ditu. Hauxe aurrerapen bat: "Aurrenekoz Lesotoren berri izan nuenean, kokalekua bilatu behar izan nuen mapan; horrek izugarri erakarri ninduen. Azaleraren %80k 1.800 metrotik gorako garaiera du, horregatik esaten diote Mendietako Erresuma. Orografia menditsuak eta turismoa sustatzeko harribitxi nabarmenik ez edukitzeak nahikotxo isolatu du Lesotho urteetan. Nor ote dira manta, katiuskak eta pasamontañasa soinean bizi diren horiek? Txirrinda baino bidelagun hoberik ez zitzaidan bururatu Afrika ezezagunenean murgiltzeko."



