Uda Ikastaro hau gizarte partaidetzarako, hausnarketarako, ikaskuntzarako eta ekintzarako gune gisa planteatzen da, pertsona guztien parte-hartze benetazko eta eraginkorraren inguruan; eta arreta berezia jarriko du laguntza gehiago behar dutenengan. Edonola ere, eta bereziki pertsona horiei zuzendutakoa bada ere, begirada zabala eta zeharkakoa eskaini nahi du.
Bi ardatz nagusiren inguruan egituratzen da ikastaroa. Alde batetik, gizartean parte hartzeko gune irekia izan nahi du, hainbat arlotako profesionalek, zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonek, familiakoek eta, oro har, herritarrek bat egin dezaten. Bestetik, parte-hartze sinbolikoa gainditzen duen ikuspegia proposatzen du, laguntzen diseinu eta kudeaketan, baliabideetan eta gobernantza egituretan, lankidetzan oinarritutako sormen ikuspegi estrategiko eta praktikoa sustatuz.
Bi egunetan zehar, pertsonek beren planetan eta bizi-proiektuetan, erakundeetan eta administrazioetan, eta gizarte egituran parte har dezaten sustatzeko estrategiak, tresnak eta metodologiak identifikatu eta jorratuko dira; zehazki, gobernantza parte-hartzailean, autoprodukzioan, koprodukzioan eta laguntzen pertsonalizazioan lan egingo da.
Ikastaro honek entzuteko jarrera eta parte-hartzea uztartuko ditu esperientzia inspiratzaileen, elkarrizketarako espazioen eta ariketa praktikoen bidez, langile adituekin, erakundeetako arduradunekin eta ikastaroko parte-hartzaileekin. Horrekin batera, autodeterminazioa, ahalduntzea eta pertsonen eta haien laguntza zirkuluen parte-hartzea sustatzeko funtsezko elementuak aztertuko dira hainbat eremu eta mailatan.
Ikastaro hau TopaGune motatakoa izango da. Izen hau, partaidetza maila altuena eragiten duten ikastaroei ematen zaie. Kasu hauetan ikastaroen zuzendariak, UIKko zuzendaritza akademikoak eta ikastaroan erraztatzaile lanak egingo dituen pertsonak elkarrekin diseinatzen dituzte eraginkorrenak izango diren teknikak ikastaroa parte hartzailea izateko. Horrela, ikastaroan parte hartuko duten pertsonek Uda Ikastaro honetan proposatuko diren hausnarketa eta ko-sorkuntza dinamiketan parte hartze aktiboa izango dute.