2023ko Tolosako Egutegia osatuko duten argazkiak aukeratzeko Tolosanklisk lehiaketaren aurtengo gaia “Tolosa, kulturaren plaza” izatea erabaki bazen ere, aurten Tolosa CF-k bere mendeurrena ospatzen duenez, eta udalerrian egiten diharduten lana eta zabaltzen dituzten balioei aitortza egiteko, haiek egutegian lekua izan dezaten gaia aldatzea erabaki da.
“Kirola” izango da, beraz, argazki lehiaketaren gaia, klubak hala iradokita. 2022ko ekainaren 8an da klubaren sorreraren mendeurrena, eta ospatzeko, hainbat ekimen egingo dituzte aurten Tolosan, eta horietako bat da Tolosako Egutegian agertzea. Gainera, 2023ko ekainaren 24an egingo ditu ehun urte Berazubi estadioak, eta, horregatik, 2023ko egutegiko ekaineko argazkia Berazubi estadioari eskainiko zaio, instalazio honen inaugurazioaren ehungarren urteurrenarekin kointzidi dezan.
Ohiko moduan, Tolosanklisk webgunearen bidez hartu ahal izango da parte lehiaketan. Lanak aurkezteko epeak eta lehiaketaren oinarriak aurrerago emango dira aditzera, baina dagoeneko tolosarrak argazkiak ateratzen eta prestatzen hasi daitezke.