Aurtengo ikasturtean euskara ikasteko erraztasun gehiago eskainiko dira, B2 mailara arte matrikularen %5 soilik ordaindu beharko baitute tolosarrek.
Irailarekin batera, Aitzol Udal Euskaltegiak zabaldu du 2024-2025 ikasturtean izena emateko epea. Tolosarrek zein inguruko herrietako biztanleek egin dezakete matrikula Tolosako udal-euskaltegian.
Euskaraz hartu hitza! lelopean, eskaintza zabala prestatu du euskaltegiak ikasturte honetarako ere: maila guztietan izango dira eskolak, A0 mailatik C2 mailara, hainbat eredutan (aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza, mintzataldeak…). Goizez zein arratsaldez izango dira eskolak, herritarrek ahalik eta erraztasun handienak izan ditzaten euskaltegira joateko.
Erraztasun handiagoak jartzeko helburuz, hain zuzen, doakotasunera begirako pauso erabakigarria emango du ikasturte honetan Tolosako Udalak: B2 mailara arte, matrikularen % 5 soilik ordainduko dute Tolosan erroldatuta dauden ikasleek, eta, eskoletara joanez gero eta egoki jardunez gero, Udalak ordainduko du gainerako zatia (% 95). Horretarako, besteak beste, gutxienez % 85eko asistentzia eduki behar da eskoletan; hori bete ezean, matrikula osoa ordaindu beharko du ikasleak. Adibide bat: hasierako A0 mailan, astean zortzi orduko taldean, 461,70 eurokoa da matrikularen kostua, baina ikasle tolosarrek 23,09 euro ordainduko dute ikasturte hasieran, eta, aipatutako baldintzak betez gero, gainerako zatia Udalak jarriko du.
Gainerako mailetan ere areagotuko da Udalaren dirulaguntza: C1 mailan, matrikularen % 75 estaliko dute dirulaguntzek, eta C2 mailan, % 50. Dirulaguntza horiek, Aitzol Udal Euskaltegiko ikasle tolosarrek ez ezik, beste euskaltegi batzuetan diharduten tolosarrek ere eska ditzakete, diferentzia batekin: gainerako euskaltegietan, osorik ordaindu behar dute matrikula lehenik, eta ikasturte amaieran eskatu dirulaguntza, Udalak deialdia egitean.
Gaur goizeko agerraldian doakotasunera begira udalak eman duen urratsari balioa eman dio Andu Martinez de Rituerto alkateak: «euskara sustatu eta biziberritzeko bidean, gure hizkuntzan murgildu nahi duen orori, edozein dela ere bere maila, erraztasunak ematea da gure helburua, euskara ikastea eskubide gisa ulertzen dugulako. Garrantzitsua da aurten eman dugun urratsa, matrikulatzen ari diren ikasleengan, edota beste herriengan ikusmina ere piztu duena. Azken urteotako joera ona izan da matrikulazioei dagokienean, eta ea neurri hauek ere joera hori areagotzen laguntzen duten».
Izen ematea zabalik
Irailaren 20ra arte dago zabalik Aitzol Udal Euskaltegian izena emateko epea. Euskaltegira bertara joan behar da izena emateko, hartara ikaslearen abiapuntuko gaitasuna zein den aztertuko baitute. Ordutegi honetan dago zabalik euskaltegia, astelehenetik ostiralera: goizez, 09:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez, 16:00etatik 19:30era.
Informazio gehiago jasotzeko, mezu bat bidal daiteke aitzolue@tolosa.eus helbide elektronikora, edo telefono honetara deitu: 943 65 10 06.