Alkizako Udalak, herriko hainbat eragilerekin eta Ur mara museoaren lagunekin batera, Koldobika Jauregiren omenez hainbat ekitaldi antolatu ditu urriaren 4tik 18ra bitarterako.
Urriaren 12an burutuko da ekitaldi nagusia. Hona hemen egitarauari buruzko hainbat zertzelada. Data gerturatu ahala informazioa zehazten joango gara.
BIZITZA EFIMEROA ARTE ERAKUSKETAK
Urriak 4-18. Fagus Alkiza interpretazio zentroan
Urriak 11-13. Elizako arkupeetan
Koldobika Jauregiren gertuko artistek eskultura, pintura eta argazki erakusketa osatuko dute eta ikusgai egongo da Fagus Alkiza interpretazio zentroan.
Bestalde, Sormenaren Kabia bekan eta Ur mara egonaldietan parte hartu duten artistek ere Jauregiren omenez erakusketa antolatuko dute. Azken hori elizako arkupeetan egongo da ikusgai urriaren 11tik 13ra bitartean.
“DANTZA” FILMAREN PROIEKZIOA ETA HITZALDIA
Urriak 10. Fagus Alkiza interpretazio zentroan
Telmo Esnal eta Urbeltzekin batera Dantza filma sostengatu zuten hiru hanketako bat izan zen Koldobika Jauregi. Urbeltzek dantzetan iradokitako mundu sinbolikoak txunditzen zuen Jauregi eta esana zuen Urbeltzen irakurketa sinbolikoak ezagutu ondoren inoiz ez zuela dantza berdin ikusi. Elena Cajaraville eta Koldobika Jauregik sortu zituzten filmaren atrezzoa, jantzien planteamendua zein dantzarien apaingarriak ere.
Filma proiektatu ondoren hitza hartuko dute Xabier Artolak eta Telmo Esnal filmaren zuzendariak. Artolak “Dantza”ren filmaketan ateratako argazkiak bildu eta Kameren aurrean dantzari: “Dantza” filmeko argazki sorta bat erakusketa sortu zuen.
BIZITZA EFIMEROA ARGAZKI ERAKUSKETA ETA PROIEKZIOA XABIER ARTOLA, ARTZUBIREN ESKUTIK
Euskararen irakaskuntzan aritu zen zenbait urtez, informatikan hasi baino lehen. Informatikan doktorea da, UEUko kidea, eta EHUko Informatika Fakultatean irakasle izan da. Ixa taldeko partaide hasiera-hasieratik, bere ikerkuntza hizkuntzaren tratamendu automatikoaren arloan egiten du. Euskaltzain urgazlea da, 2006tik.
Literaturazalea ez ezik, argazkizalea ere bada Artola eta Artzubi ezizenez argitaratzen ditu bere argazkiak. Besteak beste, “Dantza”ren filmaketan ateratako argazkiak bildu eta Kameren aurrean dantzari: “Dantza” filmeko argazki sorta bat erakusketa sortu zuen 2019an.
Koldobika Jauregiren bizialdia ospatzeko “Dantza”ren filmaketan bildutako argazkiak berriro ikusgai jarriko dira Fagus Alkiza interpretazio zentroan.
Bestalde, Artolak Koldobika Jauregiren bizialdiko eta artista ibilbideko hainbat argazkirekin bilduma osatuko du. Irudi horiek elizako arkupeetan proiektatuko dira urriaren 12an.
ANTONIO CASADOREN HITZALDIA
Urriak 11
19:00etan Fagus Alkiza interpretazio zentroan
Antonio Casado Ur mara museoa osatzen duen familia handiko kideetako bat da. Master of Arts Irlandako Unibertsitate Nazionalean, eta Filosofian Doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Bere ikerlana bioetikan oinarritzen da, alde narratiboetan arreta jarriz.
Casadok, Jauregi gogoan, hitzaldia eskainiko du.
BIZITZA EFIMEROA. KOLDOBIKA JAUREGIREN BIZITZA OSPATZEKO EGUNA.
Urriak 12
12:00etatik aurrera, Alkizako plazan (eguraldi txarra egingo balu, elizan)
OHARRA: urriaren 12ko ekitaldiak amaitzean, bazkaria egingo da Alkizako frontoian. Bertan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Txartel guztiak aurretik salduko ez balira, egunean bertan salgai jarriko lirateke agortu arte. Antolaketa errazteko, mesedez, eman izena aurretik.
Helduentzako eta haurrentzako menua egongo da.
Txartela erreserbatzeko idatzi bizitzaefimeroa@gmail.com helbidera, mesedez.