Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu du Udalaren dirulaguntza-deialdi bateratua, Tolosako herritar eta eragileei zuzendutakoa, lerro bakoitzaren oinarriak biltzen dituena.
Guztira, 675.000 euro inguru banatuko ditu Udalak deialdi honen bitartez, lehia bidezko eta lehiarik gabeko 17 dirulaguntza-lerrotan banatuta. Horiez gain, Udalak laguntza gehiago ere bideratuko ditu: dirulaguntza izendunak —elkarteei zuzenean esleitzen zaizkienak—. Aurten beranduago argitaratuko dira garapen ekonomiko eta merkataritza alorreko laguntzak; baita, ohikoa den bezala, inauteriekin lotutakoak ere.
Hezkuntza-alorreko dirulaguntzei dagokienez, martxoan argitaratu zen deialdia, eta aurki emango da ebazpena. Ikastetxeekin hala adostuta, Udala lanean ari da hurrengo deialdia, 2025-2026 ikasturteari dagokiona, ikasturte hasieran argitaratzeko; hartara, ikasturte hasieran jakingo dute ikastetxeek zenbateko dirulaguntza duten.
Berrikuntzak: etxebizitzak birgaitzeko eta eliteko kirolarientzako lerro berriak
Etxebizitza, Gizarte Zerbitzu, Hirigintza, Euskara, Kultura, Gazteria, Berdintasun eta Kirol arlokoak dira dirulaguntzak. Aurreko urteetako ia lerro guztiak mantentzen dira, baina badira zenbait aldaketa esanguratsu iazko deialdiarekin alderatuta.
Eskaerak, bihartik aurrera
Dirulaguntza-lerro horietako bakoitzerako eskaerak bihartik aurrera egin ahal izango dira, Udalaren egoitza elektronikoan; hau da, webguneko tramiteen atalean, edo UDATEn, herritarren arreta-zerbitzuaren bulegoan.
Eskaerak egiteko epeak aldakorrak dira, lerroen arabera. Eperik laburrena 20 egun naturalekoa da —hau da, jai egunak barne—; hortaz, maiatzaren 26a baino lehen egin beharko dira izapideak. Beste kasu batzuetan, berriz, epea zabalagoa da.
Eskaerak erregistro elektronikotik nola egin jakiteko gida eta bideoak eskuragarri daude webgunean. BakQ ziurtagiri elektronikoa nola eskuratu ere azaltzen da orrialde horretan.
Informazio gehiagorako, dagokion sailarekin ere jarri ahal izango da harremanetan, 010 (deia Tolosatik bertatik egiten bada bakarrik) edo 943 65 44 66 telefono zenbakira deituta.