Azken datu ofizialen arabera, asteasuarren % 82,3ak daki euskaraz, eta kaleko eta etxeko erabileran jaitsiera egon den arren, hizkuntza nagusia izaten jarraitzen du. Belaunaldiz belaunaldi transmititu dugu, eta etxean jaso ez duten ehunka asteasuarrek ere ikasi dute. Euskaraz bizi da Asteasu, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu. Gure bizimoduan aldaketa handiak gertatu dira urteotan, eta hurrengoetan ere gertatuko dira: harreman ereduak, teknologia berriak, biztanle mugimenduak… Aldaketa horiek guztiek zuzenean eragiten diote hizkuntzari, eta, globalizatutako mundu honetan, ezinbesteko izango zaigu euskararen aldeko hautua egitea. Erakundeok ere badugu zer egina: euskaraz egiteko aukerak zabaltzea eta bultzatzea, eta erraztasunak ematea herritar eta eragileei. Hori da Asteasuko Udalaren konpromisoa. Hain justu, bide horretan sakontzeko eta aurrean dauzkagun erronkei egoki erantzuteko, plangintza bat (AROA) osatzeko asmoa du udalak, herritarrekin eta eragileekin elkarlanean.