Paisaiari buruzko Udako Ikastaroaren VII. edizioa. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Hiri Agendaren Zuzendaritzak eta Kultura Paisaien eta Ondarearen UNESCO Katedrak (UPV/EHU) zuzentzen dute. 2024 honetan, BAZTERREKO PAISAIAK izango ditu ardatz.
Ikastaroaren ardatza hiri-periferiak dira, hau da, tarteko lurraldeak, erlaziokoak, anbiguoak, aukerazkoak eta heterogeneoak. Horietan, oro har, hiriaren berezko erabilerak edo hiriarentzat beharrezkoak direnak kokatzen dira. Ertzetako paisaiak dira, batzuetan presionatuak, beste batzuetan abandonatuak, karakterizazio propiorik gabeak, eta, beraz, bizileku moldagarriak dira, etengabe eraldatzen direnak eta era askotako dinamikak katalizatzen dituztenak.
Hori dela eta, premiazkoa eta beharrezkoa da eremu horiei begiratzea, nahiz eta zehaztugabeak eta itxurazko kaosa izan, balio eta esanahi ugari hartzeko ahalmena baitute, aztertzen diren ikuspegiaren arabera: hiria birsortzeko edo etorkizuneko garapen edo jarduerak ezartzeko ahalmena duten espazioak; biodibertsitate-babeslekuak eta balio agroekologiko handiko eremuak, azpiegitura berdea eta ekosistemen zerbitzuak finkatzen dituztenak; memoria kolektiboa osatzen duten erreferenteak, partaide izatearen zentzua sortzen dutenak eta balioa eskatzen dutenak; berezko arriskuei erantzuten dieten zortasun eremuak, hala nola, suteak, uholdeak eta abar.
Konplexutasun horrek guztiak politika eta tresna eguneratuak behar ditu, ikuspegi integralarekin, paisaia horiek babesteko, kudeatzeko eta antolatzeko irizpideak ezar ditzaten, erresilientzia eta jasangarritasuna bermatzeko, betiere beren izaera propioa eta karga-ahalmena gutxietsi gabe. Horretarako, Udako Ikastaro honek –kongresu formatuan–, modu sinergikoan bat egiten duten errealitate horiei heldu nahi die, bazterreko paisaia horiek lurralde-egituraren funtsezko elementu gisa duten garrantzia ulertzeko.